Urduritasunak nagusi Oñatin
Larunbat honetan, azaroaren 18an, denboraldi honetako benjaminen ligako 1. jardunaldia ospatu zen Oñatin. Izarraitz Igeri Elkarteko 45 igerilari gaztetxorekin hurbildu ginen Oñatira.
2015 eta 2014an jaiotakoek parte hartu zuten lehendabizi, 50 edo 100 libre proban eta 6×25 bizkar erreleboetan. Hasierako hilabete hauetan ikasitako guztia Oñatin erakustea zuten helburu eta urduritasunak nagusi baziren ere, beraien lanak ondo egin eta taldekideak gogotsu animatu zituzten.

Ondoren, 2013. urtean jaiotako igerilarien txanda izan zen. Indartsu ekin zioten 50 bizkar proban. 100 edo 200 libre probetan distantzia honetan lehen aldiz igeri egitearen ondoriozko urduritasunak izan zituzten baina bikain moldatu ziren. Eta geratzen zitzaien indar guztiak 4×50 bizkar erreleboan utzi zituzten.

Progesioa nagusi Legazpin
Benjaminak Oñatin zeuden bitartean, alebinak, Legazpin izan genituen beraien ligako 2. jardunaldia lehiatzen. 27 igerilariz osatutako taldeak ordezkatu gintuen bertan. Denboraldia gogotsu hasi dutela erakutsi zuten berriz ere. Oraingo honetan, 200 libre, 100 bular eta 50 libre probak izan zituzten eta 48 marka pertsonal hautsita bukatu zuten jardunaldia.

Entrenamenduetan zehar lanean jarraituko dute guztiek, hobetzen jarraitzeko helburuarekin. Hurrengo hitzordua larunbatean izango dute 2012, 2013, 2014 eta 2015. urtean jaiotako igerilariek, izan ere, Zubiaurreko lagunek San Andres Sarira gonbidatu gaituzte.

