Historia

Izarraitz Igeri Elkartearen historia pixkat

DV Kirolak – Aritz Garatek 2011. urtean idatzia

Izurdeen antzera murgiltzen dira Azpeitiko umeak uretan. Urola ibaitik Gipuzkoa osora hedatzen diren izurde txikiak dira. Izarraitz Igeri Elkarteari esker bihurtu dira azpeitiarrak izurde. Aurten (2011), gainera, 25 urte betetzen ditu taldeak eta, pozik, ospakizunen antolaketan buru-belarri murgildu dira.

Taldeko lehenengo presidentea izan zen Tomas Juaristik ez zuen horrelako arrakastarik espero taldea sortzeko ideia izan zuenean. Bere helburua bestelakoa zen. «Nire bi semeak kirola egiteko adina zuten. Igeriketan ondo moldatzen zirela ikusi nuen eta horretan aritzea nahi nuen». Patuak edo, garai hartan Azpeitian igerileku bat eraiki berri zuten baina ez zegoen inolako talderik. Hutsunea betetzeko Juaristik berak talde bat sortzea erabaki zuen «baina ez nuen inolako prestakuntzarik». Inguruetako herri batera jo eta igeriketa talde bateko entrenatzailearekin elkarrizketa izan zuen Izarraitzeko lehenengo presidentea izango zenak: «Hark entrenamenduak nola egin behar ziren irakatsi zidan». Horrez gain, bi liburu mardul irakurri eta lanari ekin zion.

Bere harridurarako, semeez gain, beste hainbat lagunek izena eman zuten Izarraitzeko lehenengo denboraldian. «Azkenean 80 igerilari bildu genituen..Sekulako harrera izan genuen Azpeitian, ez nuen inoiz halakorik espero», gaineratu digu. Berrikuntzak baina, jarraikortasuna izan duela nabarmendu digu taldeko entrenatzaile Jorge Arzallusek: «Urteroko bataz bestekoa 100 igerilarietan dago. Azken urteotan beherakada bat egon da baina berriro ere haurrak erakartzen hasi gara». Baina pozik daude biak, Juaristik esan digunez «urte hauetan guztietan lan eskerga egin dugu eta gure igerilarien kalitatea mantentzea lortu dugu hein batean edo bestean».

Milaka aukera
Kalitatea mantentzeko helburuarekin, taldeak eskaintza zabala egiten die igerilariei. Izarraitzen jakin badakite umeek kirola egiteko bestelako aukerak dituztela, futbola edo saskibaloia esaterako «eta konpetentzia horri aurre egin behar diogula», dio Arzallusek. Horrez gain, eskolaz kanpoko bestelako jarduerak ere badaude, baina «badakigu gurasoek beren semeak igeriketan aritzea nahi dutela». Hori dela eta, taldeak egiten duen lehenengo eskaintza ordutegi zabala da: «Gurekin igeriketan eguerdian, arratsaldean edota gaualdean aritu daitezke. Igeriketan aritzeko inolako arazorik izan ez dezaten».

Sei urterekin hasten dira igerian Azpeitiko haurrak «eta gurean bizitza osoa eman dezakete», adierazi digu Arzallusek. Beren helburu nagusia ez da txapelketetan garaipenak lortzea, baizik eta kirol honekiko zaletasuna sendotzea. «Hori dela eta, ez dugu inor lehiaketetara joatera behartzen. Bakoitzak nahi duena egin dezake, txapelketetan parte hartu edo ez, batean edo bestean parte hartu ala ez». Hala eta guztiz ere, haietan parte hartzeko animatzen dituzte «lehiaketetan asko hobetzen baitute», dio.

Hala ere, beren asmo nagusia «jendea erakartzea da, beste guztia denborarekin iritsiko baita. Jakin badakigu zenbat eta igerilari gehiago eduki, txapelketetan parte hartzeko aukera gehiago izango dugula».

Taldeko partaide izateko eskakizunak ez dira zorrotzak. «Ez diegu igeriketan ondo aritzea eskatzen. Soilik ur gainean aritzeko gai izatea». Hiru urterekin udaletxeak igeri egiteko ikastaroak antolatzen dituenez, guztiek betetzen dute eskakizun hori. Hortik aurrera, ardura osoa Izarraitz taldeak hartzen du: «Guk estiloak irakasten dizkiegu eta pixkanaka-pixkanaka lehiaketetan parte hartzera animatu». Baina garrantzitsuena, Arzallusen ustez, askatasuna da «bai ordutegien inguruan baita lehiaketetan parte hartzeko erabakiaren inguruan ere».

Beherakada eta berpizkundea
Izarraitzen ibilbidea ez da beti erraza izan. «Hasierako urteetan lan eskerga egin behar izan genuen etorri ziren guztiei lekua egin ahal izateko», komentatu digu Juaristik. Horrez gain, duela urte gutxi batzuk igerilarien kopuruan beherakada egon zen. Juaristirentzat normala da horrelakoak gertatzea «izan ere, 18 urterekin unibertsitatera ikastera doazenean, adibidez, hemen igeriketan aritzea oso zaila baita». Horregatik harrobia sendotzeari ekin zioten berriro ere, horretarako igeriketa eskola sortuz eta umeak sei urte dituztenetik taldera erakarriz. Orain asmoa eskola sendotzen jarraitzea da.

Ez da taldeak izan duen arazo bakarra. Izan ere, igeriketan aritzeko leku gutxi dute. «Azpeitiko udal igerilekuan entrenatzen gara. Igerilekua jende guztiarentzat irekia dagoenez, normalean sei kaletik bat edo bi erabiltzen ditugu soilik. 100 igerilari inguru ditugu eta haiei lekua egitea zaila da, baina moldatzen gara», adierazi digu baikor Arzallusek. Etorkizuna oparoagoa izango dela uste du «izan ere, kanpoan estali gabeko beste igerileku bat dago eta estaltzeko proiektua dago. Estaltzen badute, neguan edo eguraldi txarra egiten duenean bi igerileku erabilgarri egongo direnez, espazio gehiago izango dugu gure esku».

Gaur egun (2014) proiektu hura gauzatu da eta azpeitiarrek 10 kale ditugu. 

Igeri egiten irakasteaz gain, txapelketak ere antolatzen ditu Azpeitiko taldeak. Urtean zehar lau txapelketa antolatzen dituzte. «Normalean Ligako lehiaketak dira, bai umeentzako baita helduentzako ere. Baina batzuetan Gipuzkoako Txapelketa edo Kopa ere antolatzen dugu hemen».

Ia urte osoan igeri egiteko aukera dago Izarraitz taldearekin «abuztuan soilik ixten baititugu ateak». Ez dute udan ikastaro berezirik antolatzen, baina, ordainetan, «txapelketak amaitu ostean umeak igeriketan aritzen jarraitu nahi dutenez, uztaila arte gurekin igerian jarraitu dezakete».

Izarraitzen lehiaketa igeriketa irakasten dute, dauden estilo guztiak. Taldeak ez ditu jauziak edota igeriketa sinkronizatua irakasten. Waterpolo taldea osatzen saiatu dira baina ez du jarraikortasunik izan: «Urte batzuetan taldea sortu dugu, baina beste batzuetan ez dugu jokalari kopuru nahikoa eduki.  Oraingoz egonkortasuna bilatzen ari dira», dio Arzallus entrenatzaileak.

Advertisements