Ainhoa Goenaga bikain Sabadellen

sabadell 2016Zapatuan hasi eta igandea bitartean, Izarraitz Igeri Elkarteko Ainhoa Goenaga igerilaria eta Omar Urbieta entrenatzailea Sabadellen (Katalunia) izan dira, Espainiako Absolutuen Udaberriko Open Txapelketan. Azken hilabeteetan hitzordu horretarako aritu da prestatzen Goenaga eta, emaitzak ikusirik, entrenatzailea eta igerilaria gustura gelditu dira. Ainhoak 50 metro bizkar eta 200 metro bizkar probetan hartu du parte Sabadelleko txapelketan.

Zapatuan jokatu ziren 200 metro bizkarreko probak, goizean aurrekanporaketako serieak eta arratsaldean finalak. Goizeko kanporaketetan, 2:23:06 denborarekin, C finalean parte hartzeko txartela lortu zuen. Arratsaldeko finalean, goizean baino ehuneneko batzuk gutxiago behar izan zituen luzera berdina egiteko (2:22:87), eta bere denbora onenetik oso gertu ibili zen.

Igandean izan ziren 50 metro bizkarreko probak. Goizeko aurrekanporaketan, 31:90 denborarekin, aurreko egunean bezala, arratsaldeko C finalean sartzea lortu zuen. Finalean, goizean baino denbora hobea egitea lortu zuen (30:98) eta, horrekin, bere marka onenetik oso gertu gelditzea.

Sabadellen jokatzen ari den txapelketan, goi mailako igeriketa ikusteko aukera dugu, Rio de Janeiron egingo diren Joko Olinpikoetarako eta nazioarteko txapelketetarako gutxiengoak lortzeko asmoarekin lehiatzen ari baitira Espainiako igerilari ospetsuenak.

Orain, Aste Santuko oporrak aprobetxatuz, atsedenaldia hartuko du Ainhoak eta, gero, udarako txapelketak prestatzen hasiko da.

Zorionak eta segi lanean!

Advertisements
Post hau Espainiako txapelketak atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.