Izarraitzekoak ondo, Nazioarteko Eguberri Txapelketan

img_7500Ostegunean Nazioarteko Eguberri Txapelketaren 34. edizioa jokatu zen Donostiko Paco Yoldi igerilekuan, eta bertan izan ziren Izarraitzeko hamabi igerilari. Ander Idoeta baja izan zen azken momentuan. Maila handiko txapelketa ikusteko aukera izan genuen; Kevin Cordes iparamerikarra nagusitu zen gizonezkoetan eta Mercedes Peris valentziarra emakumezkoetan. Omar Urbietak entrenatzen dituen igerilariek aukera paregabea izan zuten gailurrean dauden igerilari handiekin lehiatzeko.

Goizean aurre-kanporaketako serieak jokatu ziren eta Pablo Etxeberria, Eva Astigarraga, Jone Goenaga, Angela Ocio, Iñaki Etxeberria, Joanes Astigarraga, Iker Aizpuru eta Lander Uria arratsaldeko finaletik kanpo gelditu ziren. Ainhoa Goenagak, Oihana Goenagak, Maialen Sudupek eta Maitane Goenagak, berriz, txartelak lortu zituzten arratsaldeko finaletan ospe handiko igerilariekin batera lehiatzeko.

Ainhoa Goenagak bi finaletan hartu zuen parte, 50 metro bizkarrekoan (5. postua) eta 100 metro bizkarrekoan (6. postua). Oihana Goenagak,  200 metro estiloko finalean (2. postua, Esther Hueterekin denbora berdina) hartu zuen parte. Maialen Sudupek beste bi finaletan hartu zuen parte, 100 metro bizkarrekoan (8. postua) eta 200 metro estiloan (7. postua). Maitane Goenagak ere bi finaletan hartu zuen parte, 50 metro librean (7. postua) eta 100 metro librean (4. postua).

Jai garai hauek ez dira aproposenak lehiatzeko, ia denok eguneroko errutinatik kanpo ibiltzen gara eta, hala ere, Omar Urbieta entrenatzailea gustura etorri zen taldekideek orokorrean lortu zituzten emaitzekin.

Zorionak eta segi gogor prestatzen!

Advertisements
Post hau Sariak atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.