Pasa den astebukaeran, Izarraitz Igeri Elkarteko gaztetxoek bi lehiaketetan hartu zuten parte. Azpeitian eta Eibarren hain zuzen ere izan ziren jardunaldiak.
Joan den zapatu arratsaldean izan zuten Izarraitz elkarteko alebin igerilariek Alebinen Ligako laugarren jardunaldia, Eibarko Ipurua kiroldegiko igerilekuan.
Honakoak izan ziren Eibarren lehiatu ziren Izarraitzeko igerilariak: Intza Odriozola, Uxue Etxeberria, Iker Aizpuru, Leiane Lopetegi, June Zubizarreta, Maialen Aiertza, Alazne Sudupe, Nerea Urbieta, Maier Lizarzaburu, June Berasategi eta Nora Uria. Ilazki Odriozola, Alaia Juaristi eta Alaitz Mendizabal baja izan ziren azken momentuan.
Eibarko jardunaldian, 200 metro bular eta 100 metro tximeleta probak lantzeko aukera izan zuten igerilariek. Horiez gain, 4×100 bizkar erreleboko proba ere izan zuten.
Orokorrean, emaitza onak izan zituzten Eibarren. Zorionak Eibarrera joan ziren guztiei, denak izan baitziren egiten ari diren hobekuntza erakusteko gai.
Bestalde, zapatuan eta ordu berean, Izarraitzeko txikienak Azpeitiko Udal Igerilekuan izan ziren Kirol Zehaztasun Ligako bigarren jardunaldian parte hartzen. Gure igerilari txikiak ilusio handiz eta gogotsu joan arren, urduritasuna nabaritzen zitzaien proben aurretik.
Benjamin txikienak, adinaren arabera, 50 metro libre edo 100 metro libre eta 6×25 bizkar errelebo mistoak izan zituzten.
Azken urteetako benjaminek berriz, 50 metro bizkar probarekin hasi ziren. Bigarrengo proba berriz, 100 metro libre edo 200 metro libre proba izan zuten lehiatzeko. Horiek 4×50 tximeleta errelebo proba ere izan zuten, bai neskek eta bai mutilek.
Azpeitian izandako jardunaldian, gure haurretako asko sailkapeneko lehen postuetan izan ziren, hala ere, estilo desberdinen arautegian eta igeri egiteko moduan, hobekuntzak egiten jarraitzen dute denek eta, dudarik gabe, hori da emaitzik garrantzitsuena.
Zorionak!