Hiru lehiaketatan hartuko dute parte Izarraitz Igeri Elkarteko kideek asteburuan

Hiru lehiaketatan hartuko dute parte Izarraitz Igeri Elkarteko kideek datorren asteburuan. Izan ere, Azpeitin, Eibarren eta Lasarten izango dira Izarraitzeko igerilariak.

Infantil, junior eta absolutu mailako igerilariek Neguko Liga Probintzialeko hirugarren jardunaldia izango dute zapatu honetan, abenduaren 2an, Eibarko Ipurua Kiroldegiko igerilekuan. Jardunaldia arratsaldeko 16:00tan hasiko da.

Igeriketa egokituko igerilariak ere, zapatuan, Neguko Liga Probintzialeko hirugarren jardunaldia izango dute Lasarteko igerilekuan. Gure taldeko Ander Idoetak, Jurdan Arakistainek eta Lander Uriak izena eman dute Lasarteko jardunaldian parte hartzeko. Jardunaldia arratsaldeko 16:00tan hasiko da.

Izarraitz Igeri Elkarteko alebinek  Azpeitiko Udal igerilekuan izango dute hitzordua. Alebinek baita ere, denboraldiko 3. jardunaldia izango dute. Azpeitiko lehiaketa, beste biak bezala, arratsaldeko 16:00tan hasiko da.

Alebinen jardunaldia Izarraitz Igeri Elkarteak antolatu du, eta gure esker ona adierazi nahi diogu Azpeitiko Udalari, beraien laguntzarik gabe ezinezkoa izango genuelako horrelako lehiaketak antolatzea. Bestalde, txapelketa dela eta, barkamena eskatu nahi diegu igerilekuaren erabiltzaileei, zapatu arratsaldean sortuko dugun eragozpenagatik.

Zorte on eta egurre!

Post hau Alebinen liga, Helduen ligak atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.