Joan den zapatuan, martxoaren 10ean, Izarraitz Igeri Elkarteko txikienak Kirol Zehaztasun Ligako 3. jardunaldia eta alebinen ligako 5. jardunaldia jokatu zituzten. Benjaminak Bergarako Agorrosin igerilekuan izan ziren, eta alebinak, berriz, Eibarko Ipurua igerilekuan.
Oro har, emaitza oso onak lortu zituzten gure igerilariak. Nabarmena da denboraldiaren erdi aldera iritsi direla, askoz hobeto egiten bai dute igeri.
Egin behar izan zituzten proben artean, errespetu handia eman ohi duten probak zeuden, hala nola 200 metro bular, 400 metro estiloak eta 100 metro tximeleta, besteak beste. Urduritasuna nabarmena izaten da honelako probak egin aurretik. Dena den, edozein distantzia eta edozein estiloetan lehiatzeko arazorik ez dutela argi erakutsi zuten Izarraitzeko igerilariek beste behin.
Zorionak guztiei!