Pasa den zapatuan, gure taldeko txikienek beraien Test-KZL Ligari jarraipena eman zioten 4. jardunaldiarekin. Jardunaldi hau Eibarren ospatu zen, Ipurua kiroldegian eta bertan, gure taldetik, adin tarte honetako 37 igerilari aritu ziren.
Jardunaldi osoa benjamin kategoriakoa izanik, 2013 eta 2012ko igerilariek eman zioten hasiera tximeleta estiloko 25 eta 50 metroko probekin eta 6×25 bular errelebo mistoekin. Esandakoa betez, arautegia betetzean eta ostikada egiteko modu egokian zeukaten arreta jarrita. Oraindik ere ikasten jarraitu behar duten arren, bikain aritu ziren.
Benjamin kategorian baita ere, baina helduagoetan, 2011ko neska-mutilek, 100 estiloak eta 200 edo 400 libreko probak izan zituzten. 100 estiloetako probari gogotsu ekin zioten, eta hauek ere ikasitakoa aplikatu zuten. Libreko probetan berriz, batez ere 400 metrokoan aritu zirenak, urduri zeuden. Lehen aldiz burutzen zuten distantzia hau eta erreferentzia garbirik ere ez zuten arren, guztiek jarrera ausarta erakutsi zuten, euren erronkei aurre eginez.
Orain lanean jarraituko dugu, izan ere, hurrengo jardunaldia apirilaren 30ean izango dute adin hauetako igerilariek, etxean, Azpeitin.
Zorionak eta segi ikasten!