Alebinen taldeak pasa den larunbatean beraien ligako 6. jarduanaldiaz gozatu zuen Bergarako Agorrosoin kiroldegian. Bertan, ohi bezala, Izarraitzeko 12 igerilari izan ziren lehian.
Jardunaldi honetan, emakumezkoek 800 libre edo 100 bizkar eta 200 bular probak izan zituzten. Izarraitzekoak 800 libre probarako urduri bazeuden ere, distantzia luze batean esfortzua kontrolatzeko gai direla erakutsi zuten. 100 bizkar igeri egin zutenak, aldiz, indartsu atera ziren. Ia atsedenik gabe ekin zioten 200 bular probari eta beraien onena ematen jakin izan zuten euren markak nabarmen hobetzea lortuz. Bukatzeko geratzen zitzaizkien indar guztiak utzi zituzten 4×100 estiloak erreleboan.
Gizonezkoen kasuan, jardunaldiko 2 probak bizkar estilokoak izan zituzten. Lehenengo 100 metrokoa eta ondoren 200 metrokoa. Hauek ez zuten bere taldekide nesken bezain egun ona izan. Gogotsu eta urduritasunik gabe egin zuten jauzi uretara baina beraien denboretatik gertu geratu arren, ez zituzten markak hobetu.
Alebinek maiatzaren 6an izango dute beraien ligako zazpigarren eta azken jardunaldia, Azkoitian.