Izarraitzekoak bikain Gabon Kopan

OLYMPUS DIGITAL CAMERAIzarraitz Igeri Elkarteko benjaminek eta alebinek Gabon Kopa saria jokatu zuten zapatuan, Eibarko Ipurua igerilekuan. Denboraldiko bigarren zita ofiziala zuten eta, aldi berean, 2014ko azkena izan zen.

Izarraitzeko 31 igerilari joan ziren lehiaketara, eta Iraurgi Ikastetxeko Gabonetako jaialdiak -zapatu arratsaldean ospatu baitzen- zerikusia izan zuen eduki genituen bajekin.

Izarraitzeko gaztetxoek igeri egiteko estilo eta teknika bikainak erakutsi zituzten, beste behin; uretatik kanpo ere, adiskidetasun eta lagunarte jatorra dagoela ikusi genuen.

14:30ean zuten hitzordua igerilariek Azpeitiko igerileku aurrean. Azkenean, 31 lagunek hartu zuten autobusa. Igeriketa kirol indibiduala izanik, talde giroa sortzeko taldean bidaiatzeari balio handia ematen diogu Izarraitz Igeri Elkartean.

Beroketak egin eta 16:30ean eman zioten hasiera 2005-2006 urteetan jaiotako igerilariek Gabon Kopari, 50 metro bizkar probarekin. Gabon Kopak duen berezitasunetako bat da igerilari bakoitzak ondo menperatzen duen estiloan igeri egiteko aukera izaten duela. Esan bezala, aurrenak bizkar estiloko igerilariak izan ziren, gero bular estilokoak, hirugarren krol estilokoak eta, azkenean, tximeleta estilokoak. Bakarkako probak bukatu ondoren, erreleboak hasi ziren.

Eibarko Gabon Kopa gustuko lehiaketa dute kirolari gaztetxoek, dominak ematen dituztelako. Horren harira, esan behar dugu gure igerilarietatik erdiek pasa podiumera igotzea lortu zutela, eta besteak oso gertu ibili zirela.

Erreleboetan, berriz, alebin neskeetan 4×50 estilo proban Izarraitz A-k bigarren postua lortu zuen, eta Izarraitz B-k bosgarren postua. Alebin mutilek, berriz, seigarren postua eskuratu zuten. Benjamin mailan, 8×25 metro estilo mixto proban lehen postua lortu zuten.

Sari banaketa egin eta gero, igerilari bakoitzari gozoki poltsa bana eman zioten antolatzaileek.
20:00etan, dominak lortu zituztenak lepotik zintzilika zituztela eta besteak hurrengo batean izango dutela aukera pentsatuz, autobusean giro ederrean itzuli ziren etxera.

Zorionak, denok zarete txapeldun!

Post hau KZL atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.