Oihana Goenaga gustura lortutako emaitzekin

IMG-20150331-WA0011Zapatuan hasi eta asteartea bitartean, Izarraitz igeri elkarteko Oihana Goenaga igerilaria eta Omar Urbieta entrenatzailea Malagan izan dira, Espainiako Absolutuen Udaberriko Open Txapelketan. Azken hilabeteetan hitzordu horretarako aritu da prestatzen, eta emaitzak ikusirik, entrenatzailea eta igerilaria oso gustura gelditu dira. Oihanak 50 metro libre eta 100 metro libre probetan hartu du parte Malagako txapelketan. Emaitzarik aipagarriena, 100 metro libreko proban lortu du Oihanak. Proba horretan 58:33 denbora eginda, marka pertsonala eta Euskadiko 16 urtekoen errekor berria lortu ditu. Aurreko errekorra Ilune Gorbeak lortu zuen 2002. urtean, 59:13 denborarekin.

Zapatuan jokatu ziren 50 metro libreko probak, goizean aurrekanporaketako serieak eta arratsaldean finalak. Goizeko kanporaketetan 27:48 denborarekin, finalean parte hartzeko txartela lortu zuen. Arratsaldeko finalean, goizean bainan ehuneneko batzuk gehiago behar izan zituen luzera berdina egiteko (27:55), hala ere, bere denbora onenetik oso gertu ibili zen bi probetan.

Astelehenean izan ziren 100 metro libreko probak. Goizeko aurrekanporaketan 58:98 denbora eginez, Euskadiko 16 urtekoen errekorra hautsi zuen eta arratsaldeko finalean sartzeko balio izan zion. Gero, arratsaldeko finalean, goizean baino denbora hobeagoa egitea lortu zuen (58:33) eta horrekin, marka pertsonala eta berriro Euskadiko errekorra jaistea.

Malagan jokatu den txapelketan, goi mailako igeriketa ikusteko aukera izan dugu, Nazioarteko Txapelketetako gutxiengoak lortzeko asmoarekin lehiatu baitira Espainiako igerilari ospetsuenak.

Orain, Aste Santuko oporrak aprobetxatuz, atsedenaldia hartu du Oihanak eta gero, udarako txapelketak prestatzen hasiko da.

Zorionak eta segi lanean!

Advertisements
Post hau Espainiako txapelketak atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.