Datorren zapatuan, Irailak 19, goizeko 11:00etatik aurrera, Donostiako Olarain Ikastetxe Nagusian 14/15 denboraldiko Igeriketa Gala ospatuko da. Bertan, Ur‐zeharkaldietako Gipuzkoako Ligako sariak, Igeriketako Neguko eta udaberriko Ligetako sariak eta igeriketa denboraldi amaierako sariak banatuko dira.
LIGEN kasuan saritutako klubek eta kirolariek LIGA horien araudian azaltzen denaren baitan garaikurrak jasoko dituzte. Denboraldi amaierako sarien kasuan, 2004 eta 2003an jaiotako emakumezkoek eta 2004, 2003 eta 2002an jaiotako gizonezkoek kirol materiala erosteko 30€, 25€ eta 20€‐tako baleak, banan bana, jasoko dituzte. 2002 eta 2001ean jaiotako emakumezkoek eta 2001, 2000 eta 1999an jaiotako gizonezkoek kirol materiala erosteko 40€, 35€ eta 30€‐tako baleak, banan bana, jasoko dituzte. Azkenik, JUNIOR‐PROMESA‐SENIOR mailetako kirolariek 200€, 150€ eta 100€‐tako baleak, banan bana, jasoko dituzte.
Izarraitz Igeri Elkartetik sarituak hauek dira:
Leire Ceciaga, Oihana Goenaga, Iñaki Etxeberria, Maialen Sudupe, Mikel Perea eta Uxue Etxeberria. Baita ere, Izarraitz taldeak infantil mailako bigarren saria jasoko du.
Elkarte guztietako sarituak, beren familiatakoak, taldeetako kideak, entrenatzaileak eta zuzendariak gala honetara gonbidatuta gaude.
Zorionak guztiei!