Giro ezin hobean igeriketako San Andres Saria

Giro ezin hobean joan zen aurtengo San Andres Saria. Azkoitiko eta Azpeitiko ia 130 igerilari gaztek hartu zuten parte, lehia eta festa uztartuta.

25 metroko eta 50 metroko igeri-frogak egin behar izan zituzten 8 eta 10 urte bitarteko igerilariek, eta guztiek jaso zuten saria; proba bakoitzean aurreneko hiru postutan sailkatu zirenei kopa bana banatu zitzaien, eta beste guztiei lepoko dominak. Lehiaketaren aurretik, ur-jolasetan gozatu zuten neska-mutilek, eta bakarkako probak amaitu ondoren, errelebotako probak egin zituzten, bi herrietako haurrak taldeetan nahastuta.

Aurtengo sariketak urdin kolorea hartu zuen, inoiz baino gehiago. Marea Urdinarekin bat egin bai zuen Zubiaurre Igeri Elkarteak, eta babes osoa azaldu zion ekimenari.

Era batera edo bestera, Zubiaurre Igeri Elkarteko kide guztiek hartu zuten parte atzoko festan; antolaketa-lanetan, sariak banatzen eta igerian. Izarraitz Igeri Elkarteak, zoriondu eta eskertu nahi dio Zubiaurre Igeri Elkarteari egindako lanagatik eta San Andres Saria gurekin partekatzeagatik .

 

Post hau Sariak atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.