Datorren igandean, uztailak 22, itsas zeharkaldi denboraldiari jarraipena emango diote Izarraitz igeri elkarteko kideek, 48. Getaria-Zarautz Itsas Zeharkaldian. Ia hiru mila kirolarik eman dute izena zeharkaldian. Horien artean dira Izarraitzeko infantil mailako 9 igerilari: Uxue Etxeberria, Alazne Sudupe, Iker Aizpuru, Nerea Aranbarri , June Berasategi, Elene Sudupe, Nahia Esteban, Anne Sagarmendi eta Iñigo Soraluze. Horiek, infantil mailako beste 85 igerilariekin batera, goizeko 10:00ean ekingo diote probari Zarauzko hondartzan. 800 metroko luzera duen igerialdia izango dute.
Ondoren, 11:30etan, hasiko da helduen zeharkaldia Getariako portuan. Inskribatu diren igerilariak zortzi taldetan aterako dira, aurrez eginiko denboraren arabera. Marka onenak dituztenak txano urrezkoarekin izango dira, eta hamar minutuko aldearekin aterako dira beste zazpi multzoak.
Euskal Herrian jokatzen den ur irekietako probarik herrikoiena dela esan daiteke Getaria-Zarautz Itsas Zeharkaldia. Azpeitiko kirolari ugari dago izena emanda, eta horietako asko, Izarraitzeko masterrak eta premasterrak.
Zorte on, eta egurre!