Zapatuan Nazioarteko Eguberri Txapelketaren 36. edizioa jokatu zen Donostiko Paco Yoldi igerilekuan, eta bertan izan ziren Izarraitzeko hamaika igerilari. Asier Ganzarain, Ixak Gesalaga, June Zubizarreta eta Judith Odriozola baja izan ziren azken momentuan. Maila handiko txapelketa ikusteko aukera izan genuen; Juan Francisco Segura Madrildarra nagusitu zen gizonezkoetan eta Paula Juste katalandarra emakumezkoetan. Isaac Pousadak entrenatzen dituen igerilariek aukera paregabea izan zuten igerilari handiekin lehiatzeko.
Goizean aurre-kanporaketako serieak jokatu ziren eta Iñaki Etxeberria, Jurdan Arakistain, Asier Zulaika, Intza Odriozola, Maialen Aiertza, Nora Uria, Nerea Urbieta eta Maier Lizarzaburu arratsaldeko finaletik kanpo gelditu ziren. Lander Uriak, Uxue Etxeberriak eta Iker Aizpuruk, berriz, txartelak lortu zituzten arratsaldeko finaletan ospe handiko igerilariekin batera lehiatzeko.
Lander Uriak, 50 metro libreko finalean 7. postua eskuratu zuen. Iker Aizpuruk, 50 metro libreko finala jokatu zuen baita ere eta 3. postua lortu zuen. Uxue Etxeberriak, bi finaletan hartu zuen parte, 50 metro bularrean (8. postua) eta 100 metro bularrean (8. postua). Gure igerilariek, Donostin jokatu zen sariketan, guztira 13 marka pertsonal lortu zituzten.
Jai garai hauek ez dira aproposenak lehiatzeko, ia denok eguneroko errutinatik kanpo ibiltzen gara eta, hala ere, Isaac Pousada entrenatzailea gustura etorri zen taldekideek orokorrean lortu zituzten emaitzekin.
Zorionak eta segi gogor prestatzen!