Izarraitzekoak ondo, Nazioarteko Eguberri Txapelketan

Pasa den igandean Nazioarteko Eguberri Txapelketaren 37. edizioa jokatu zen Ordiziko Majori igerilekuan, eta bertan izan ziren Izarraitzeko hamar igerilari. Maila handiko txapelketa ikusteko aukera izan genuen; Caba Siladji serbiarra nagusitu zen gizonezkoetan eta Lidon Muñoz Castellondarra emakumezkoetan. Isaac Pousadak entrenatzen dituen igerilariek aukera paregabea izan zuten gailurrean dauden igerilari handiekin lehiatzeko.

Goizean aurre-kanporaketako serieak jokatu ziren eta Iñaki Etxeberria, Lander Uria, Jurdan Arakistain, Asier Zulaika, Intza Odriozola, Alazne Sudupe, Maier Lizarzaburu eta Elene Sudupe arratsaldeko finaletik kanpo gelditu ziren. Maialen Sudupek eta Iker Aizpuruk, berriz, txartelak lortu zituzten arratsaldeko finaletan ospe handiko igerilariekin batera lehiatzeko.

Maialen Sudupek bi finaletan hartu zuen parte, 50 metro bizkarren (4. postua) eta 100 metro bizkarren (3. postua) eta Iker Aizpuruk 50 libre igeriketa egokituan azkarrena izan zen.

Gureak guztira, 5 marka pertsonal lortuta itzuli ziren etxera.

 

Festa garai hauek ez dira aproposenak lehiatzeko, ia denok eguneroko errutinatik kanpo ibiltzen gara eta. Entrenamendu gutxiago, gehiago jaten da, deskantsu gutxiago eta hori dena txapelketetan nabaritu egiten da. Hala ere, Isaac Pousada entrenatzailea gustura etorri zen taldekideak orokorrean lortu zituzten emaitzekin.

 

Zorionak eta segi gogor prestatzen Gipuzkoako koparako!

Post hau Sariak atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.