Pasa den asteartean Nazioarteko Eguberri Txapelketaren 38. edizioa jokatu zen Donostiko Paco Yoldi igerilekuan, eta bertan izan ziren Izarraitzeko sei igerilari. Maila ederreko txapelketa lehiatzeko aukera izan zuten; Hugo Gonzalez madrildarra nagusitu zen gizonezkoetan eta Ainhoa Martin Lasartearra emakumezkoetan. Isaac Pousadak entrenatzen dituen igerilariek aukera paregabea izan zuten igerilari handiekin lehiatzeko.
Goizean aurre-kanporaketako serieak jokatu ziren eta Intza Odriozola, Alazne Sudupe, Maier Lizarzaburu eta Elene Sudupe arratsaldeko finaletik kanpo gelditu ziren. Uxue Etxeberriak eta Iker Aizpuruk, berriz, txartelak lortu zituzten arratsaldeko finaletan ospe handiko igerilariekin batera lehiatzeko.
Uxue Etxeberriak bi finaletan hartu zuen parte, 50 metro bular (5. postua) eta 200 metro estiloetan (6. postua) eta Iker Aizpuruk 50 libre igeriketa egokituan (2. Postua).
Gureak guztira, 10 marka pertsonal eta Uxue Etxeberriak 50 bular proban klubeko 16 urtekoen eta absolutuen errekor berriak lortuta itzuli ziren etxera. Isaac Pousada entrenatzailea gustura etorri zen taldekideak orokorrean lortu zituzten emaitzekin.
Zorionak eta segi gogor prestatzen!